Elkarrekin Podemosek salatu du GOek oraindik ez dituela Gros auzoarekin hartutako konpromisoak bete, ireki zenetik urtebete igaro denean
Víctor Lasak kritikatu du lorategidun estalkiak herritarrentzat itxita jarraitzen duela, agian betirako, eta auzoko irisgarritasuna hobetzeko aurreikusitako eskailerak eta igogailua oraindik egin gabe daudela; gainera, "guztion artean ordaindu beharko ditugu".
Donostiako Elkarrekin Podemosek haserrea adierazi du gaur Nekane Arzallus Hirigintzako zinegotziak emandako azalpenen aurrean. Izan ere, udal taldeak interpelazio bat aurkeztu zuen Basque Culinary Centerren GOe eraikinari dagokionez Gros auzoko bizilagunekin hartutako konpromisoak ez betetzeari buruz.
2025eko urriaren 20an inauguratu zenetik urtebete baino gehiago igaro den arren, eraikinaren lorategidun estalkiak herritarrentzat itxita jarraitzen du, eta ez dago irekitzeko data argirik. Auzoko oinezkoen loturak hobetzeko aurreikusitako eskailerak eta Okendoko igogailua ere ez dira egin, eta jarduketa horiek itxaron egin beharko dute. "Egoera hau guztiz onartezina da. Neurri handiko eraikin bat egin zuten, Groseko espazio publiko bat erabat eraldatuz, eta trukean herritarrentzat irisgarria izango zen estalki berde bat eta auzorako hobekuntzak agindu zituzten. Urtebete baino gehiago igaro da, eta promesa horiek bete gabe jarraitzen dute", salatu du Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Víctor Lasak.
Udal taldearen ustez, bereziki larriak dira Arzallusek emandako azalpenak. Zinegotziak oposizioari aurpegiratu dio orain planteatzea ingurunearen urbanizazioari buruzko gaiak, jatorrizko proiektuaren diseinuan jasota ez zeudenak. "Harrigarria da Hirigintzako zinegotzi arduradunak erantzukizuna hasieratik proiektu hau zalantzan jarri genuenoi
leporatu nahi izatea. Udal Gobernuak zuzendu eta baimendu du hirigintza-eraldaketa hau. Berari dagokio ondorioen gaineko erantzukizuna hartzea", adierazi du Lasak.
Elkarrekin Podemosek ohartarazi du, gainera, egiteke dauden jarduketek gastu berriak ekarriko dituztela, eta Udalak bere gain hartu beharko dituela. Horregatik, kostua, erantzukizun ekonomikoak eta gauzatzeko epeak argitzeko eskatu dio Udal Gobernuari. "Ezin da onartu auzoak proiektu honen eragin guztiak jasan izana, agindutako onurak iritsi gabe jarraitzen duten bitartean. Eta orain, gainera, egiteke dauden jarduketen faktura donostiar guztiek ordaindu behar izatea. Ez dakigu, ezta ere, herritarrek noizbait eraikinaren estalkira sartzeko aukerarik izango duten", amaitu du Lasak.
PODEMOS Ahal Dugu