Skip to main content

'Amazon tasa' aplikatzea proposatu dugu, Gasteizko tokiko merkataritzari laguntzeko

Hamar urte honetan 173 saltoki komertzial itxi dituzte (-%6,2). 2011. urtean 2.972 ziren eta 2022an 2.799. Sektorearen beherakada hori COVID-19aren krisiak areagotu zuen, online salmentak handitu egin baitzituen / "Zerga arloko justizia ekintza bat da, negozio txikiei laguntzea multinazionalen aldean, eta, hala, online merkataritzak ekarri dituen abantailak orekatzea; izan ere, beste zerga batzuk ordaintzen dituzte, hala nola IBI, lokal fisikoa izateagatik", azaldu du Garbiñe Ruiz zinegotziak 

Elkarrekin Vitoria-Gasteiz udal taldeak (Podemos -Ezker Anitza IU- Berdeak EQUO) mozio bat erregistratu du Udalbatzarrean eztabaidatzeko eta hirian azken milia nola zergapetu aztertzeko, 'Amazon Tasa' deritzona, tokiko merkataritzari eta hurbilekoari laguntzeko.

Tokiko merkataritza ehunak gaitasun txikia duenez produktu sorta, prezio eta zerbitzu sail zabalarekin lehiatzeko, ahitzen ari da, apurka-apurka, eta, bitartean, banaketa enpresa globalak esponentzialki handituz doaz, udalerrian gutxi edo batere laguntzen ez duen zerga araudia dela eta. Elkarrekin taldearen ustez, lehia bidegabe horretan, baldintzak desorekatuta daude, eta, are, desleialak dira; hori dela medio, saltoki txikiak itxiz doaz, lanpostuak galtzen, eta Gasteizko ehun komertzial eta produktiboa ahultzen. Udalerriaren azken diagnostikoko datuek dakartenez, Gasteizen 173 saltoki gutxiago dago duela hamar urtetik hona. 2011. urtean, 2.972 baziren, 2022an, 2.799. Eta sektorearen beherakada hori areagotu egin da COVID-19aren krisian, online salmentak igotzearekin.

Egurtuta dagoen sektoreari laguntzeko, Elkarrekin taldeak zerga hori ezartzea planteatzen du. Udalerrian eskariak etxera eramaten dituzten posta operadore eta plataforma handi guztiak zamatuko lituzke, bere zereginean espazio publikoa erabiltzen dutelako. Hasiera batean, koalizioaren asmoa da milioi bat eurotik gora fakturatzen duten enpresentzat planteatzea.

"Zerga arloko justizia ekintza bat da, negozio txikiei laguntzea multinazionalen aldean, eta, hala, online merkataritzak ekarri dituen abantailak orekatzea; izan ere, beste zerga batzuk ordaintzen dituzte, hala nola IBI, lokal fisikoa izateagatik", azaldu du Garbiñe Ruiz zinegotziak, zeinak mozio bat defendatuko baitu otsailaren 17ko udalbatzarrean.

Zergarekin, asmoa da hurbileko merkataritzaren aldeko ohituretara aldatzen laguntzea, eta kontsumo arduratsu eta iraunkorragoko joerak sorraraztea; horrela, plataforma eta saltoki handiek laguntza handiagoa emango dute auzoetan saltokietako bilketa puntuen bitartez eta, hala, banaketa ibilgailu ugariak saihestuko dira, zeinak espazio publikoa okupatzen baitute, zirkulazioa buxatu eta kutsatu. "Uste dugu online salmentetan zerga bat jarrita erosketa fisikoak estimulatuko direla, eta gaur egun kalean ditugun banaketa masiboak gutxituko direla", azpimarratu du zinegotziak.

Udal taldeak espero du taldeen babesa jasotzea eta ekimena onartzea eta horrela (mozioak dakarren moduan) zerga-makina martxan jartzea. Gauzak horrela, urtebeteren buruan, prest egongo litzateke ordenantza proposamen bat zerga hori arautzeko.

Ekimenaren bitartez, beste asmo bat ere badago, udal gobernuari konpromiso bat erauztea, hau da, tasatik jasoko litzatekeen antzeko kopurua saltoki txikiei laguntzeko programetara eta neurrietara bideratzea.

Elkarrekin taldeak ez du nahi horrelako zergarik eratzea merkatarien eta logistika enpresen bizkar, egoeraren jakitun baitira eta eragin egiten baitie. Hori dela eta, gogoeta espazio bateratuak jartzea eskatuko du, xedeari begira ahal den aproposena izango den agiri adostu bat lortzeko.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input