Inor al dago bolantean Euskadin?
Gerra madarikatu guztien atzean pertsona zitalak izaten dira, gerrak egiten dituztenak, eta, bestalde, errugabeak, ordaintzen dituztenak. Modurik tragikoenean gaineea, Ukrainan ikusten dugun bezala, milaka bizitzak galduz eta milioika errefuxiatu sortuz.
Europan, eta gure kasuan, Euskadin, tragedia hori kontabilizatu egiten dugu, guretzat ohikoagoak diren beste faktura batzuen bitartez: faktura ekonomikoez. Eta kasu honetan, erantzukizun gutxien dutenek eta zaurgarrienak direnek ordaintzen dituzte.
Komeni da ohartaraztea: egungo inflazio-krisia ezin da aitzakia gisa erabili, errezeta neoliberalen preskribatzaileek nahi duten moduan, hain zuzen ere enpleguari eta soldatei erasotzeko, gehiengo sozialei sakrifizio gehiago inposatzeko. Preseski, kontrakoa behar dugu betikoek ordain ez dezaten.
Lehenik eta behin, lehenbailehen erantzun behar zaie euskal herritarren oinarrizko beharrei. Ildo horretan, langileen eroste-ahalmena blindatu behar dugu, enpleguak babestu behar ditugu kaleratzeak ekiditeko, eta gizarte-babeseko egungo euskal sistemaren estaldura eta irismena zabaltzea ahalbidetuko duten proposamenak bultzatu behar ditugu: DSBE indartzea, neurri gehigarriak onartzea, hala nola hazkuntzako prestazio unibertsala ezartzea, 100 eurokoa seme edo alaba bakoitzeko, edo 250 euroko osagarria sortzea hilean 1.000 eurotik beherako pentsioei. Hala eskatu diogu lehendakariari.
Bigarrenik, premiazkotasunak ez dezala eragotzi garrantzizkoari aurre egitea.
Nahiz eta aipatutako neurriak eta beste batzuk oso beharrezkoak izan, babes-sare gisa jardungo lukete krisi luze eta sakon baten aurrean, ez gaitezen engaina, zulo gehiegi dituen sistema zahar bati jarri nahi zaizkion adabakiak dira. Ez dute konpontzen eredu baten narriadura, hain zuzen ere herritarrei bizitza duinak, bizitza onak herritarrei eta are gutxiago hurrengo belaunaldiei bermatzeko gai ez den eredu horrena.
Krisi ekonomiko hau Ukrainako gerraren ondorio zuzena ez den krisi energetiko batetik abiatzen da. Pandemiak gure osasun-sistemaren pitzadurak agerian utzi zituen bezala, gerra honek mahai gainean jarri du Euskadik energia arloan duen egoera ahula. Hau da, lehen ere pairatzen genuen arazo bat areagotu da, oligopolio energetikoarekiko erabateko mendekotasunaren ondorio dena.
Azken batean, pandemiak eta Ukrainako gerrak eragindako krisiek agerian utzi dituzte gure sistemaren ahuleziak: gizarte-babeserako sistema gero eta merkantilizatuagoa da eta dituen osasun- eta zaintza-zerbitzu publikoak ez dira nahikoak, eta energia-eredu kaltegarria da, ez planetarentzat bakarrik, baita pertsonen eta familien ongizaterako ere.
Ez al dira nahikoak zantzu horiek ondo ez goazela pentsarazteko? Ez al dago inor bolantean Euskadin?
Lehendakariak proposatu duena betikoa errepikatze hutsa da. Ez dago herri ereduari buruzko hausnarketarik. Aldatu beharrekoa betikotu egin nahi da, ezer zalantzan jarri gabe. Zoritxarrez, Eusko Jaurlaritza, EAJ buru dela, bere eredu neoliberal zaharrean korapilatuta dago, eta eredu horrek euskal gizartearen aberastasun nagusiak ahultzen ditu pixkanaka: alegia izaera ekintzailea eta kooperatiboa, elkartasunaren eta berdintasunaren balioak, ongizatearen eta guztiok partekatzen dugunaren ideia, naturarekin, lurrarekin eta bere zaintzarekin duen harreman estua; aitzitik, eredu horrek horien ordez, hauek aukeratzen ditu: ekonomia birtuala, likidoa, espekulatiboa, euskal lurrarekiko eta gure lurrarekiko begirune gutxikoa.
Bada garaia bolantea guztion artean birarazteko eta norabidea aldatzeko; trantsizio-programa bat diseinatzeko, herrialde berri baterako ibilbide-orria idatzia duena, sistema ekonomiko eta sozial jasangarriagoa eta berdinzaleagoa, feministagoa, eta gureagoa duena.
Euskal gazteei itxaropena emango dien herri-proiektu bat, langileei bermeak eskainiko dizkiena eta emakumeak interpelatuko dituena: hitz egin dezagun, beraz, lan-banaketaz (produktiboa eta ugaltzailea) eta lanaldia murrizteaz, aberastasunaren banaketaz eta fiskalitate progresiboago eta bidezkoago baten alde egiteaz, etxebizitza duin eta eskuragarriago baten hornikuntzaz, zaintzarako euskal sistema unibertsal batez, osasun mentalaz edo Erkidegoko trantsizio ekologiko bidezkoaz.
Ohar gaitezen. Frantziako presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian, Frantzia Intsumituak proposamen ausartak, eraldatzaileak, ezkerrekoak egin ditu, eta oso gertu egon da bigarren itzulira pasatzetik. Ezkerreko gainerakoak, sozialistak barne, beren errezeta zaharrei ainguratuta hondoratu dira.
Batasuna, diskurtsoaren argitasuna eta gehiengo sozialak barne hartzen dituzten proposamen eraldatzaileak dira, ilusioa piztu eta itxaropena itzuliko duen Fronte zabala eratzeko beharrezkoak diren osagaietako batzuk. Horixe da erronka Euskadin ere.
PODEMOS Ahal Dugu