Skip to main content

2021eko azaroaren 25-ari buruzko komunikatua

COVID-19aren pandemiak eta krisi sozial eta ekonomikoak markatuta jarraitzen du 2021. urteak. Emakumeei bizitza duin eta segururik eskaintzen ez dien sistema patriarkalari eusten dion genero-desberdintasun egoera areagotu egin da. Hori dela eta, azaroaren 25ean, Indarkeria Matxisten Aurkako Nazioarteko Egunean, beharrezkoa da gogoratzea eta oihu egitea indarkeria matxistek oraindik ere pandemia izaten jarraitzen dutela, eta populazioaren erdiari eragiten diola.

Euskadin, 2021ean, indarkeria matxistaren biktima izan diren 4.005 emakume zenbatu dira bide ofizialen bidez. Horietatik, 2 hil dituzte bikotekideek, 2.838k jasan dituzte bikotekideen edo bikotekide ohien aldetik eragindako indarkeria matxistak, 853k jasan dituzte familia barruko indarkeriak, bikote-harremanak kontuan hartu gabe, eta 312k sexu-askatasunaren aurkako eraso espezifikoak jasan dituzte beren familia-eremutik kanpoko gizonen eskutik. 1.118 emakume hil dituzte Estatuan 2003ko urtarrilaren 1etik (egun horretan hasi ziren zenbatzen bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako emakumeen hilketak), eta 37 emakume hil dituzte aurten, guztiak gizonen esku. Gobernuaren Genero-indarkeriaren aurkako Ordezkaritzaren datu ofizialen arabera, bi emakumetik batek indarkeria jasan du bizitzan zehar emakume izate hutsagatik, eta azken hamabi hilabeteetan, 374.175 emakumek jasan dute indarkeria fisikoa eta/edo sexuala bikotekidearengandik. Datu horiek erakusten dute indarkeria matxistak direla gaur egun giza eskubideen urraketarik ohikoena, bai Estatuan, bai Euskadin. Eta bide ofizialetatik jasotako datuek egoera oso larria erakusten duten arren, badakigu estatistikek ez dutela errealitatea islatzen, eta ez dutela kontuan hartzen indarkeria matxisten konplexutasuna; izan ere, hainbat modutan eragiten digun egiturazko menderatze-sistema bat da, zeharkatzen gaituzten desberdintasun-ardatzen arabera.

Indarkeria matxisten benetako tamaina ezagutzeko xedeaz, Estatuko Gobernua 2022an indarkeria bikarioak, sexu-indarkeriak, sexu-esplotazioak, familia-indarkeriak eta gizarteindarkeriak eragindako feminizidioak indarkeria matxistatzat hartzen hasiko da. Estatistiken aldaketa horri esker, zifrak gehiago hurbilduko dira errealitatera, eta, beraz, askoz handiagoak izango dira.

Mugimendu feministek urteak daramatzate indarkeria matxista mota ugari daudela aldarrikatzen, eta benetako garrantzia bikotekidearen edo bikotekide ohiaren inguruko hilketetara eta indarkeria fisikora soilik murrizten jarraitzen badugu, ezingo ditugu inoiz desagerrarazi. Ezinezkoa da horiek amaitzea, ez badugu barneratzen indarkeria matxista horiek ikusezinagoak diren beste batzuek -era guztietako bideek eragindako indarkeria sinbolikoek- sostengatzen dituztela. Indarkeria sinbolikoak, indarkeria psikologikoak, hitzezkoak, fisikoak, sexualak, indarkeria bikarioa, instituzionalak eta abar eragiten dituztenak. Indarkeria fisikoa edo sexu-indarkeria jasan duten emakumeen %96,9k adierazi du indarkeria psikologiko edo ekonomikoren bat ere jasan duela.

Garrantzitsua da izebergaren puntan ez geratzea. Indarkeria matxisten aurpegi eta sakonera guztiak landu behar dira; hori egiten ez badugu, ezingo ditugu inoiz desagerrarazi. Hamarkadak daramatzagu bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako emakumeen hilketak salatzen eta agerian uzten, baita bortxaketen gorakada ere, eta horri esker, herritar gehienek indarkeria matxista gisa identifikatzen dute. Ezin ditugu aipatu gabe utzi, baina indarkeria motak zabaltzeko unea da, errealitatea ikusarazteko unea; izan ere, bizi garen gizarte matxistak indarkeria sinbolikoan oinarritutako egitura izaten jarraitzen du. Sustraira joaten ez bagara, gainerako indarkeriak sostengatzen, normalizatzen eta existitzea ahalbidetzen duten indarkeria ikusezinetara, ez dugu inoiz amaituko bortxatzen gaituen, erasotzen gaituen, hiltzen gaituen sistema patriarkal kapitalistarekin, emakume izate hutsagatik.

Euskadiko Podemos Ahal Dugu-k bat egiten du Euskadiko mugimendu feministek deitutako ekitaldiekin, eta militantzia osoa gauza bera egitera animatzen dugu. Batzar Nagusietatik emakumeen aurkako indarkeria matxistak fenomeno estrukturala eta politikoa direla salatzen dugu, eta horregatik funtsezkoa da emakumeen oinarri materialak, sinbolikoak eta diskurtsiboak ezagutzea eta ikusaraztea. Matxismoaren eta patriarkatuaren eguneroko oinarriaren modu guztiak zalantzan jarriz bakarrik desagerrarazi ahal izango ditugu indarkeria matxistak.

Indarkeria matxisten aurka, bizitza feministak!

Gora emakumeon borroka!

 PODEMOS Ahal Dugu

25 Azaroa 2021

Articulos relacionados

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input