Hurrengo lerroetan azaltzen dira Elkarrekin Podemos-IU legebiltzar taldeak hezkuntza-itun sendoagoa lortzeko bultzatu dituen neurri esanguratsuenak. Horien bidez, euskal eskola publikoa indartu da eta hezkuntza-ekitatearen aldeko eta eskola segregazioaren aurkako erabaki zehatzak ezarri dira.
EUSKAL HEZKUNTZA-SISTEMAREN PLANGINTZA ESTRATEGIKOA
Jaiotza-tasaren eta, beraz, matrikulazioen beherakadaren testuinguruan, eskola eskariaren eta eskaintzaren arteko oreka berreskuratzeko mekanismoak aktibatu behar dira. Jakina da sare pribatuak/itunduak behar baino plaza gehiago eskaintzen dituenean desorekak sortzen direla ikasleen eskolatzeari dagokionez. Errealitate horrek zuzenean eragiten dio titulartasun publikoko zentroen sareari, ahuldu egiten baitu. Egoera horren aurrean, ezinbestekoa da ikasgelak ez ituntzea, sare publikoak eremu jakin baten eskaera bere gain hartu ahal duen bitartean.
Gero eta ahulagoa den sare publikoa indartzeko eta berrorekatze-politikak ezartzeko tresna egokia eskola-plangintza da.
• Plangintza hori eskaintza doitzeko moduan garatuko da, bereizketa areagotuko duten gaineskaintzak eta azpieskaintzak saihestuz.
• Hezkuntza-administrazioaren ofiziozko plangintzaren beharrei erantzuten dieten ikastetxeak publiko egiteko atea irekitzea lortu da.
• Haurreskolak partzuergoa indartuko da, eta eskaintza unibertsala, kalitatezkoa eta doakoa izango da.
• Eskola Publikorako Plan Estrategikoa onartzea adostu dugu, plaza publikoak handitzeko, batez ere dentsitate handiagoko hiriguneetan, eta hirigune berrietan, zentro publikoak sortzeko. Horrela, eskola publiko batean plaza bat nahi duen familia orok plaza hori eskuratu ahal izango du.
Plan horretan, halaber, eskola publikoaren kalitatea hobetzeko jarduerak jasoko dira, hala nola egungo plantillak sendotzea, irakasleen egonkortasuna, hezkuntza-figura berriak sortzea eta eskola publikoetan azpiegiturak sortu eta hobetzea.
Era berean, aurreikusten da ikastetxe bakoitzaren hezkuntza proiektuan eta Plan Estrategikoan integratuta dauden eskolako jantokiek beren eginkizun pedagogikoa indartzea eta azpiegitura zein zerbitzuak hobetzea.
• Bestalde, amaiera eman zaio hitzarmen unibertsalari. Hezkuntza Sailarekin ituna egin nahi duten ikastetxe guztiek konpromiso eta betebehar jakin batzuk bete beharko dituzte.
- Diskriminaziorik eza, gardentasuna, irabazir asmorik eza, ikasleen aniztasunarekiko arreta, segregazioaren aurkako eta ekitatearen eta aukera-berdintasunaren aldeko konpromisoa, etab.
- Langileen kontratazioa modu garden eta demokratikoan egin beharko da.
- Itunpeko zentroek auditoretzak eta kontabilitatearen gardentasuneko arauak bete beharko dituzte. Administrazioak egingo ditu auditoretza lan horiek.
• Halaber, lortu da Hezkuntza Sailak baliabide espezifikoak modu bereizian esleitzea euskararen presentzia urria duten ingurune soziolinguistikoetan lan egiten duten ikastetxeei, ingurune soziolinguistiko ahuldu horietan euskararen erabilera eta ikaskuntza indartzeko.
EKITATEA ETA BEREIZKETAREN AURKAKO BORROKA
Hasiera-hasieratik jakin dugu eskola segregazioa dela gure hezkuntza-sistemaren arazo nagusietako bat. Maila sozioekonomiko urriko eta atzerritar jatorriko ikasleak ikastetxe publikoetan metatzeak nabarmen murrizten du aukera berdintasunean hezteko eskubidea.
Horregatik, Itunean ekitatearen aldeko eta segregazioaren aurkako zenbait neurri jasoarazi ditugu:
• Ikasleen onarpenak eta eskolatzeak orekatua izan beharko du. Jada ezin izango dira irizpide informalak kontuan hartu ikasleak eskolatzeko garaian. Irizpide diskrezional horiek kendu egingo dira, eta familien hurbiltasunari eta errenta baxuei garrantzi handiagoa emango zaie.
• Hezkuntza Konplexutasunaren Indizea (gazteleraz ICE deritzona) modu publikoan arautuko da. Neurgailu horrek baldintza zailetan lan egiten duten ikastetxeen egoera ezagutzeko, haien premiak zehaztasun handiagoz definitzeko eta, horrela, eskaintzen zaizkien baliabideak doitu ahal izateko balio du. Horrela, adibidez, langile eta irakasle espezifikoez, bai eta zuzendaritza taldeez ere hornitu ahal izango dira hezkuntza-
konplexutasun handieneko ikastetxeak, beroriek indartze aldera.
• Irakaskuntzagatiko kuota oro kobratzea benetan debekatzen dela kontrolatzeko mekanismoak ezarriko dira. Horretarako, eskola plaza baten benetako kostua ezagutzeko azterlan bat sustatuko da, aipatutako irakaskuntzaren doakotasunerantz aurrera egin ahal izateko.
• ISEI-IVEI, Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak ikerketa bat egingo du urtero, hezkuntza-sistemaren segregazioari eta ekitateari buruzko datuak jasotzeko.
• Bekak jarduera osagarrietara eta eskolaz kanpoko jardueretara zabalduko dira, arrazoi ekonomikoak direla-eta ikasleen parte-hartzea ez oztopatzeko.
KOGOBERNANTZA ETA PARTAIDETZA
Zentroen demokratizazioa eta, beraz, zentroek izan behar duten autonomia izan da eta oraindik ere bada gure borroketako beste bat. Hasieratik defendatu dugu udalen zeregina eta familien, ikasleen eta, azken batean, hezkuntza-komunitatearen parte-hartze komunitario eta demokratikoa sustatzearen garrantzia. Hauek dira bultzatu eta adostu ditugun neurririk esanguratsuenak, gobernantzari eta komunitatearen parte-hartzeari dagokienez:
• Euskal Eskola Publikoaren Kontseilua eratuko da eta Eskola Kontseiluen Legea eguneratuko da, ikastetxeetan erkidegoak parte hartzeko formula berriak emanez.
• Udal eskola-kontseiluen eginkizunak zabalduko dira. Hemendik aurrera, ikasleen eskolatze orekatua sustatzeko proposamenak egin ahal izango dituzte.
• Halaber, bi bulego mota sortuko dira:
1. Zailtasun handienak dituzten familiei udalerriko eskola eskaintzari buruzko informazioa modu irisgarrian ematen dieten bulegoak.
2. Ikasleen matrikulazio prozesuetan familiei lagunduko dieten udal edo zonako bulegoak
IKASTEKO ETA ETENGABE HOBETZEKO PALANKAK
• Ebaluazio- eta ikerketa-esparru propioa eraikiko da, hezkuntza-sistema etengabe hobetzeko.
• Curriculum Dekretuak ere birformulatuko dira, hezkuntza-gaitasunen esparru homologagarri batera egokitzeko.
• Digitalizazio Plan bat garatuko da, baliabide materialak eta pertsonalak bermatzeaz gain, material digitalak erabiltzeko jarraibide pedagogikoak ezarriko dituena, ikasleen eskubide digitalen errespetuarekin bat etorriz, eta baliabide teknologiko libreak, auditagarriak, garraiagarriak eta berrerabilgarriak erabiliz.
PODEMOS Ahal Dugu
Sede de Bilbao
Calle Nervión 3, 5º C-D
Sede Donostia
Avenida de Navarra, 34
Sede de Vitoria-Gasteiz
Marques de la Alameda Plaza, 1