50 neurri baino gehiago proposatu ditugu egungo krisi energetikoari erantzuteko, fakturaren prezioa merkatzeko eta, ereduaren egiturazko aldaketa baten bidez, trantsizio ekologikorantz aurrera egiteko

Proposamenak Eusko Jaurlaritzari bidaliko zaizkio, eta Kongresura ere eramango dira Unidas Podemosen bitartez, aplika daitezen eskatzeko, hain zuzen ere Euskadin eta Estatuan jasotako planteamenduetatik haratago joateko

Bidalitako neurrien artean daude, besteak beste, Etxebizitza % 100 elektrifikatuak eraikitzea, garraioaren prezioaren gaineko % 50eko murrizketa iraunkor mantentzea, energia-enpresa publiko bat sortzea eta administrazioan telelana sustatzea

Elkarrekin Podemos IUk neurri sorta bat proposatu du Energia Aurrezteko Kontingentzia Planean sartzeko. Plan horrek asmo handiko proposamenak biltzen ditu energia-krisiari erantzuteko eta argiaren fakturaren kostua merkatzeko, baita egungo energia-ereduan egiturazko aldaketak egiteko ere, trantsizio ekologikoan eta klima-aldaketaren aurkako borrokan modu erabakigarrian aurrera egiteko.

Proposamen sorta hori Eusko Jaurlaritzari bidaliko zaio, eta Kongresuan aplikatzea eskatuko da Unidas Podemosen taldearen bitartez, hain zuzen ere Euskadin eta Estatu osoan energia aurreztu eta eraginkortasun energetikoaren arloan aurreikusitako neurrietatik haratago joateko.

Guztira, 56 proposamen dira, hiru bloketan banatuta, egungo energia-krisiari erantzuteko eta hirugarren herrialdeekiko eta energia-oligopolioarekiko mendekotasuna murrizteko: alde batetik, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko proposamenak daude; bestetik, argiaren eta energiaren faktura merkatzeko eta inflazioa murrizteko neurriak; eta, azkenik, energia-ereduaren egiturazko aldaketa, porrot egin duten eta multinazionalen onurak maximizatu dituzten 40 urteko politika liberalekin amaitzeko.

Elkarrekin Podemos IUk energia aurrezteko eta efizientzia areagotzeko planteatutako 28 neurrien artean, honako hauek daude:

-CO2 isurtzen duten erregairik kontsumitzen ez duten eta % 100 elektrifikatuta dauden etxebizitzak eraikitzea baimentzea bakarrik.
-Energia-birgaitze masiboko proiektuak gauzatzea, isolamendu termikoa hobetzeko eta banakako gas-galdaren edo komunitarioen ordez sistema termiko berriztagarriak jartzeko.
-Prozesu industrialetako autokontsumorako, elektrifikaziorako, energia berriztagarrien sustapenerako eta energia biltegiratzeko Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren industriako Eraginkortasun Energetikoaren Programan aurreikusitako 633 milioiak 350 milioi eurotan handitzea. Horri dagokionez, elektrifikazioa ezinezkoa bada, gas berriztagarrietarako trantsizioak proposatzen dira, hala nola hidrogenoa edo kogenerazioa.
-%10eko BEZ murriztua ezartzea eraikinen birgaitze energetikoko obretarako eta ibilgailuak, tresna elektronikoak, etxetresna elektrikoak edo ehun-gailuak konpontzeko eta mantentzeko zerbitzuetarako.
-Jende ugari garraiatzeko garraio publiko elektrifikatua bultzatzea, prezioa behin betiko % 50era jaitsiz.
-Administrazioan eta, bereziki, zerbitzuen sektorean telelana sustatzea.
-Salgaien tren bidezko epe laburreko garraioa sustatzea, egungo % 4tik Europako batez besteko % 18ra pasatzeko.
-Hirietan Emisio Baxuko Guneen (EBG) ezarpena bizkortzea.
-Penintsula barruko hegaldi laburrak eta ibilgailu ofizialen flota murriztea administrazioan.

Elkarrekin Podemos IUk, halaber, dozena bat neurri proposatu ditu argia eta energia merkatzeko eta inflazioa murrizteko. Estatu mailan, aurrezteko ahaleginari saria eman behar zaio, herritarrei eta industriari faktura jaitsiz. Proposamenen artean, honako hauek daude:

-Merkatu elektrikoaren sistema marjinalista aldatzea Europa mailan, ez baita onargarria energia mota guztiak garestienaren prezioan ordaintzen jarraitzea, hau da, gasaren prezioan. Era berean, Europako Batzordeari presio egitea energia, lehengai eta nekazaritzako produktuen "commodities" direlakoen merkatuan espekulazioa arautzeko, inbertsio-funtsek prezioak manipulatzea eragozteko.
-Argiaren fakturan potentzia-terminoaren kostua % 50 murriztea. PPk zerga hori % 36 igo zuen 2013an, kontsumoa jaitsi zela eta argindar enpresek behar adina irabazi ez zutela argudiatuz. Orain, mozkin errekorrak dituztenez gero, faktura jaisten lagun dezakete, eta potentzia-terminoaren kostua % 50 murriztu.
-Elektrizita-enpresek egindako gas-erosketak ikuskatzea eta Espainian eta Portugalen ezarritako gas-mugaren konpentsazio energetikoa murriztea. Beharrezkoa da gasa erosten ari diren benetako prezioa ikuskatzea, konpentsazioa prezio horretara egokitu dadin.
-Energia eta Elektrizitate Sozietateen gaineko Zerga % 25 igotzea edo, alternatiba gisa, prezioen itun bat negoziatzea, enpresa horiek 2021ekoen antzeko prezioak ezar ditzaten eta argiaren eta energiaren prezioak murriztu ditzaten.
-Araudia aldatzea, galdara komunitarioek azken baliabideko tarifari heltzeko eta faktura merkatzeko aukera izan dezaten, eta oinarrizko kontsumoko tarifa bat proposatzea, ordu-tarte guztietan, aurrezten duena ordutegi-tarifarik garestienarekin zigortua izan ez dadin.

Eta neurri horietatik haratago, beharrezkoa da energia-politikan %180ko bira ematea, honako hau jasotzen duen eredu-aldaketa baten bidez:

-Energia-enpresa publiko bat sortzea edo daudenak erabat edo zati batean nazionalizatzea.
-Europako eta Estatuko funtsak multinazional energetikoetako trantsizio energetikoko proiektuetara bideratzeari uztea, hain zuzen ere plan hauek martxan jartzea ahalbidetzen dielako eta mozkin errekorrak izaten ari direlako.
-Ez inbertitu funts publikorik eta ez eman diru-laguntzarik erregai fosilei, ez eta energia nuklearrari eta gasari ere.
-Zentral nuklearrak eraisteko kostua % 100ean hartu behar dute beren gain enpresa elektrikoek.
-Hirietan eta industrialdeetan energia berriztagarriko instalazioak lehenbailehen lehenestea.
-Offshore eolikoaren, urtegietan flotatzen duen fotovoltaikoaren eta industrietarako hidrogeno berdearen proiektuak erraztea, gune babestuak eta landa-eremuak zentral eolikoekin eta eguzki-energiako zentralekin inbaditzea debekatuz.
-Lehen sektorea deskarbonizatzea, bertako produktuentzako bidezko prezioak bermatuz.

David Soto Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak adierazi duenez, azken egiturazko neurri horiek guztien -16 orotara- helburua da 40 urteko merkatu librea atzean uztea, hain zuzen ere horren ondorioz multinazional gutxi batzuek energia bezalako oinarrizko zerbitzuetan izugarrizko boterea hartzea, herrialdeei xantaia egitea eta gizartea txirotzea eragin baitute.

Sotok salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Energia Aurrezteko Kontingentzia Plana aspalditik martxan dauden eta euskal herritarrek ordaintzen dituzten faktura elektrikoak eta energetikoak murrizteko nahikoa ez diren neurrien bilduma soil bat da. Gainera, gaitzetsi du onartezina dela Iñigo Urkulluren Gobernuak Europako funtsak herritarren kontura krisi honetan mozkin errekorrak lortu dituzten enpresa energetikoei transferitzea. Era berean, uste du beharrezkoa dela Espainiako Gobernuak energia aurrezteko onartutako neurrien dekretutik harago joatea eta egiturazko aldaketa sakonak egitea, trantsizio energetikoan aurrera egin ahal izateko, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko eta oligopolioarekiko eta kanpoaldearekiko mendekotasun energetikoa murrizteko.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input