Skip to main content

Herritarren eta Osasun Bidasoaren presioari esker, lehen urratsa eman da ebakuntza-gelak Bidasoa Ospitalean gera daitezela bermatzeko

“Osakidetzak aukera bat bilatzeko lan-bidea irekitzeko erabakia aurrerapausoa da, baina zerbitzua Onkologikora ez lekualdatzeko bultzatzen jarraitu behar da”, adierazi du David Nuño Irungo Elkarrekin Podemos IUko bozeramaileak, zeinak hasitako hausnarketan beste urrats bat emateko eskatu baitioGotzone Sagardui sailburuari


Osasun Bidasoa plataformak eta eskualdeko herritarrek egindako presioak lehen fruituak eman ditu. Bidasoko bizilagunen etengabeko protesta eta mobilizazioen ondorioz, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eta Eusko Jaurlaritzak lan-bide berri bat ireki dute alternatiba bat bilatzeko ospitaleko kirurgia-blokea birmoldatzeko proiektu polemikoaren aurrean.

Erabaki hori herritarren plataformaren eta osasun-langileen lanak eragin du; izan ere, hasiera-hasieratik onartezintzat eta bideraezintzat jo baitzuten obra-proiektua, Sagarduik planteatu bezala. Eusko Jaurlaritzaren planak ebakuntza-gelak gutxienez 18 hilabetez Onkologikora lekualdatzea ekarriko luke, kontuan izanik Bidasoko ospitaleak ia 100.000 biztanleri ematen diela arreta eta  zerbitzu hori gabe utziko liekeela.

Elkarrekin Podemos-IUk gogo onez hartu du Eusko Jaurlaritzaren urrats hori, baina ohartarazi du badela garaia zerbitzua Onkologikora lekualdatzeko aukera baztertzeko borrokan jarraitzeko. Hala adierazi du David Nuño Irungo udal taldeko bozeramaileak: “Aurrerapausoa da, baina presioa egiten jarraitzeko unea da; horregatik, Osasun sailburuari eskatzen diogu beste urrats bat emateko eta ebakuntza-gelak hemen geratuko direla bermatzeko. Hori baita hemengo herritarrek ikusten duten aukera bakarra”.

Elkarrekin Podemos IU une oro ari da babesa ematen Osasun Bidasoa plataformari bere aldarrikapenetan, Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako proiektua geldiarazteko mobilizazioetan parte hartuz. Osasun Bidasoko eta ospitaleko kideek Gipuzkoako Batzar Nagusietan koalizioaren eskariz agerraldia egin eta egun gutxira hartu du Osakidetzak lan egiteko bide berri bat irekitzeko erabakia, egoera zehatz-mehatz azaltzeko eta plana geldiarazteko eskatzeko, proiektuak ospitaleko pazienteei ekarriko lizkiekeen ondorio oso larriak direla eta.

Gainera, maiatzaren 9an, Osasun Bidasoak agerraldia egingo du Eusko Legebiltzarrean, Elkarrekin Podemos-IUk ere eskatuta. Koalizioak plataforma babesten jarraituko du bere erreklamazioetan. “Badakigu noren ondoan egon behar dugun, eta laguntzen jarraituko dugu ebakuntza-gelak hemen geratuko direla bermatzen diguten arte”, azpimarratu du Nuñok.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input