Skip to main content

Elkarrekin Podemosek Euskadin alokairuko etxebizitza publikoak bikoizteko neurriak ezarriko ditu

Gainera, presaz sartuko du EAEko legerian tentsionatutako eremuen izendapena, eremu horietan etxebizitzako lurzoru publiko guztia alokairuko parke publikora bideratzeko eta aldi baterako debekatzeko etxebizitza turistikoen erabilera

Pilar Garrido Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusiak esan du gobernu ausarta eta konprometitua behar dela etxebizitza eskuratzeko eskubidea izateko

Elkarrekin Podemosek konpromisoa hartu du gaur etxebizitzaren euskal legea erreformatzeko eta etxebizitza-parke publikoa handitzeko helburu argiak ezartzeko, epe eta aurrekontu-esleipen zehatzekin, urte gutxiren buruan Euskadin alokairuko parke publikoa bikoiztuko dela bermatzeko.

Era berean, Elkarrekin Podemosek presaz sartuko du euskal legedian eremu tentsionatu autonomikoen izendapena. Eremu horietan ezarriko da lurzoru publiko guztia alokairuko parke publikora bideratu beharko dela, eta etxebizitzaren erabilera turistikoa aldi baterako debekatuko da.

Etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboa bermatzeko neurri horiek Pilar Garrido Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusiak zehaztu ditu gaur goizean, Donostian egindako ‘Aukeratu Etxebizitza’ ekitaldian. Miren Echeveste Elkarrekin Podemoseko Legebiltzarrerako hautagaia eta Victor Lasa Donostiako Udaleko bozeramailea ere izan dira ekitaldian.

Garridok ziurtatu du etxebizitza eskuratzeko gobernu ausarta eta konprometitua behar dela, errealitatea eraldatzeko eta etxebizitza eskuratzea eskubide bihurtzeko arauak aplikatzeko. Ildo horretan, salatu du 2015ean onartutako etxebizitzaren euskal legea kea dela, paper bustia, izoztuta dagoelako. “Gezurra esan ziguten EAJk eta PSEk. Euskadin ez dago etxebizitzarako eskubide subjektiborik. Ez dute Etxebizitzaren Euskal Legea garatu nahi izan, eta ez dute neurririk hartu gaur egungo hondamendi egoerara irits ez dadin”.

Etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboa errealitate izan dadin -azpimarratu du- borondate politikoa baino ez da behar. Horren harira, Garridok Elkarrekin Podemosen konpromisoa agertu du Euskadin bizi den etxebitiza-larrialdiko egoerari buelta emateko, neurri eta helburu argiekin. Besteak beste, alokairuko etxebizitzen parke publikoa handitzeko helburuak, epeak eta aurrekontu-esleipenak legez ezartzea, urte gutxiren buruan egungo etxebizitza-kopurua bikoizte aldera. Era berean, eremu tentsionatu autonomikoen izendapena premiaz sartzea, lurzoru publiko guztia alokairuko parke publikora bideratzeko eta eremu horietan pisu turistikoen erabilera aldi baterako debekatzeko, etxebizitza guztiak ohiko erabilerarako izan daitezen.

“Europan ilaran gaude alokairuko etxebizitza publikoetan, eta azeleragailua sakatu behar da. Administrazioek etxebizitza guztiak erosi behar dituzte alokairu publikora bideratzeko. Horrela bakarrik lortuko dugu etxebizitza izateko eskubidea errealitate izatea Euskadin”, baieztatu du.

Bestalde, Miren Echevestek salatu du urte askotan EAJk eta PSEk zementua eta proiektu faraonikoak lehenetsi dituztela, eta ez dietela jaramonik egin bizitzari eusteko inbertsio garrantzitsuenei. Adibidez, etxebizitza publikoa, euskal herritarrok bizi-proiektu bat garatzeko bermea baita. EAJren eta PSEren inbertsioak beti bankuei eta inbertsio-funtsei laguntzera bideratzen dira, baina inoiz ez guztiontzako berdintasunezko aukera bat bultzatzera. Gure lehentasuna argia da: biziari eta ongizateari eusteko inbertsio publikoa.

'Aukeratu etxebizitza' ekitaldia Loiolako kuartelen ondoan egin da, eta bertan % 40ko hirigintza eragiketa aurreikusten da. Alde horretatik, Víctor Lasak azpimarratu du Udalak, lurren balorazioan ehuneko hori bakarrik kontuan hartuta, proiektua garestitu zuela, eta diru publikoarekin ordaindu zuela. Horren harira, gaitzetsi du Udal Gobernuak inbertitzaile pribatuei salduko diela Amarako lursail bat, Loiolako Kuarteletako lursailen erosketari lotutako zorra ordaindu ahal izateko etxebizitza publikoa eraiki beharrean. “Egoera jasanezina da erabat. Etxebizitza publikorako baliabide gehiago behar ditugu”, azpimarratu du.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input